Bira
Arriskua
Eskolan esan zizkiguten gauza guztiez ez naiz gogoratzen, baina ez egiteko esan zizkiguten gauzarik gehienak egin egin ditugu. Gurasoek esaten ziguten ez dela autostopik egin behar, baina nik egiten nuen. Edariak ez nahasteko esan ziguten, baina txahal-eginean majo sufritu eta gero ikasi genuen edariari neurria hartzen. Manifestazioetan lehenengo ilaran ez egoteko esaten ziguten, baina kolpeka bidali gintuzten azken lerrora. Bakarrik bidaiatu dudanean beti joan naiz ez joateko esan didaten zenbait lekutara. Ez dut inoiz arriskurik ikusi nire inguruan. Beti pentsatu dut gauzak auzoan gertatzen direla, nigandik hirurehun metrotara gutxienez. Amak kontuz ibiltzeko esaten didanean, orain ere esaten diot berari kasu eginez gero kaskoa eramango nukeela kalera balkoiren batetik eroritako lorontziak buruan jota hil ez nadin. Baina, orain, benetan larritu naiz: gizakiak orbitara botatako zera handi horiek lurrera erortzen hasi dira. Aste guztia daramate notiziek horietako baten erorketarekin bueltaka, eta inoiz ez bezala arriskua ikusi dut nire gainean. Probabilitate handirik ez da egongo gure auzoan jaus dadin, baina notiziek eman dioten garrantziarekin, hurrengoetarako kaskoa erosiko dut, badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu