Bira
Aukerak
Gaur igandea da. Mezetara joaten ez garen arren, oraindik ere, funtzionatzen du igande eguerdiko txikiteoak. Meza ateratzen den ordurako, soziedadean edo tabernan egoten gara ateook fededunen zain. Txakolina eskuan dugula, ez da igartzen nor joan den mezetara eta nor ez, eta domekaroko elkarrizketetan galtzen gara: larunbat gaua, gero eta jende gutxiago dabilela kalean, norbaitek kontatuko du bezperan mutilarekin afaltzen joan zela eta jatetxeetan ez dela krisia igartzen… Egoera ekonomikoak okerrera egin duenetik txikiteoa asteburuetara mugatuta gelditu da, eta tabernek asko igartzen omen dute. Egia da tabernetan ibiltzera ohituta gaudenok beti ikusten dugula jende asko: jende asko dagoenean hala delako, eta gutxi dagoenean gehiago edaten denez, jende asko ikusten dugulako. Baina tabernariek igarri dute beherakada, eta haiekin batera marka handien banatzaileek ere bai. Eskaintzak gero eta ohikoagoak dira: menua merkeago, happy hourrak, pintxoak doan, zozketak, marka konkretu batzuk merkeago saltzen dira orain… nik ez dut tabernak ixterik nahi; galdua nengoke. Hala ere, aukera bi baino ez dizkiot ikusten honi guztiari: edo orain justu samar irabazten ari dira bai tabernak eta bai banatzaileak, edo sasoi batean diru asko egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu