Bira

Balantzea

Onintza Enbeita
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Agur, agur urte zaharra, joan zaitez lotara, sasoia dozu ta zoaz atsedendutera». Horrela kantatzen dugu gaurko egunez enbeitatarrok. Doala, bai, aurtengo urtea, eta eraman ditzala berarekin gauzarik txarrenak; onak memorian geldituko zaizkigu-eta. Memorian geldituko zaigu Gatza Zornotzara itzuli zen eguna. Gure zati izango da Troitiñok Espainiako mendeku politikari barre egiteko izandako gaitasuna, eta ez dugu hain erraz ahaztuko Jon Agirrek Basauriko kartzela utzi zuen eguna. Oroitzapenen kutxan gordeko ditugu egindako kilometroak, ukitutako kristalak, emandako muxuak, eman gabe utzitako besarkadak… «Urte barri ondo etorri» jarraitzen du kantuak, eta ez nuke nahi 2012a amaitzen denean betiko penez hitz egin gura; urteak gauza onak bakarrik ekarri dizkidala kontatu nahi nuke. Izan dadila 2012a nire seme-alabentzat aita egokia topatuko dudan urtea, izan dadila banketxera noan bakoitzean sutan aterako ez naizen urtea, izan dadila nire inguruko langabe guztiek lana aurkituko duten urtea, izan dadila gure familiak negar egiteko motiborik ez daukan urtea, izan dadila euskararen urtea, izan dadila emakumeon urtea, izan dadila sexu aukeragatik baztertu dituztenen urtea, eta, batez ere, izan dadila han urrunean ditugun lagunak sutondoan besarkatuko ditugun urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.