Bira
Bere onetik
Eman diogu egurra Espainiako Gobernuari. Sare sozial guztien bidez argi utzi diogu ez digula ziririk sartu. Oso bizkorrak izan gara oraingoan, eta berehala ohartu gara futbolarekin egin nahi izan digun jukutriaz: Eurokopa etaLa Roja-rekin lokarrarazita gaudela, ttak, orduantxe erreskatearen iragarpena. Baina ez, ez gara erori; futbolzaleak bagara, baina leloak ez. Are, barregarri utzi dugu Espainiako Gobernua, amarruaren sinpletasuna agerian utzita. Izan ere, tradizio intelektual sendo batek aspaldi irakatsi zigun erabat uztargarria dela futbolzaletasuna mundu ikuspegi kritiko batekin, bereizi egin behar dela futbola futbolaren negoziotik. Gehiago, ahulen indartzaile izan da hainbatetan futbola, David eta Goliaten mito eraberritua. Gogoratu Calderonen Espainiako ikur nagusiek jasotako txistuak, Athleticek oharkabean nolako lana egiten duen inkontziente kolektiboan euskal nortasuna txertatzen. Pentsa euskal selekzio batek zer-nolako potentzialitatea duen naziogintzarako, etsaiak hain gogor ukatzen badigu. A! Jendartearen erdia jaiotzetik baztertuta zaudetela zelaiaren erditik? Euskal Herriko selekzio bat Eurokopan arituta ere zure alabak ez lukeela izango identifikatzeko erreferenterik? Neska, gauzak bere onetik ateratzea behintzat gustatzen zaizue feministei!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu