Bira
Birusak
Gizarte modernoan gauza kuriosoak gertatzen dira. Ordenagailua piztu, eta posta elektronikoko postontzia zabaltzen duzun ia aldiro abisuak jasotzen dituzu: halako mezua birusa da, halako gonbidapena bidaltzen badizute ez ireki disko gogorra jango dizu-eta… harrigarria da zelako azkartasunarekin abisatzen diogun elkarri ordenagailua birusak harrapatzeko arriskuan badago. Birus errealei buruz, ordea, ez du inork ezer esaten. Ekarri zuen gure txotxok eskolatik birusa, eta hemen egon zen gau osoan umea botaka eta negarrez. Gero umearen ama jausi zen (gure ahizpa, alegia), eta amama eta aitaita ere bai. Azkenean, umearen izeba batek deitu zigun zein gaizki zegoen esplikatzeko, eta jausi behar zuenez, jausi zen izeko gazteena ere (neu, alegia). Zergatik ez digute abisatzen umearengana ez hurbiltzeko, bere gorputz txikian bonba nuklear bat daukalako erasorako prest? Egin barre, baina amorru handiena ematen didana da farmaziara joan, eta gure herri txiki honetan denek dena dakitenez, farmazeutikoaren errosarioa entzutea: goiko etxeko zaharrak ere badauka, zuen alboko umeak pasatu du… eta zuk, hainbeste jakinda, ezin duzu «kontuz birusak» jarri farmaziaren aurreko plazan? Ez noski. Gaixoei aurrea hartzen irakasten badituge, botika gutxiago salduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu