Demagun badela herri bat beltzei festetako ekitaldi nagusian parte hartzea galarazten diena, tradizioaren izenean. Demagun herri horretako hainbat beltz debekuari aurre egin eta festako ekitaldi nagusian parte hartzen hasi direla. Demagun gehiengoak indarrez eta irainka egotzi dituela. Demagun herri horretako hautetsi gehienek beltzak baztertzearen alde egin dutela, nahiz eta ordezkatzen dituzten alderdiek—ezker zein eskuinekoek, euskal abertzale zein nazionalista espainiarrek— giza eskubideen babesle eta demokraziaren eredutzat jarri euren burua. Demagun beltzen lanaren ondorioz giroa baretu eta ekitaldi paralelo bat sendotu dela: agintariek eta hedabideek «normaltasun» esaten dioten egoera toleratu bat eskuratu dutela beltzek. Demagun 16 urteren buruan herri horretako alkate sozialistak ohorezko harrera egin diola beltzak baztertzen dituen segizioari; aldiz, beltzek parte hartzen dutena ez du agurtu. Demagun beltzek poliziaz inguratuta amaitu dutela ibilbidea, baztertzaileen irain eta erasoen artean. Poliziak, ordea, erasotzaileen ordez erasoak jasandakoak grabatu ditu bideoz.
Ados, hori guztia gertaezina da egungo gure jendartean. Beltzen lekuan jarri emakumeak, ordea, eta hori dena jazo da: larunbatean, Irunen, azkenekoz.
Bira
Demagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu