garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Denbora

2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ordu aldaketak gertaeren logika urratu dielako, gosaltzeko betarik ere ez zaie gelditzen honezkero. Inspirazioak patxadara ainguratuta dauka, ordea, alaba. «Denbora berdin igarotzen al da egoera guztietan?», galdegin du gaileta kakao-esnetan bustita nola itxuraldatzen den analizatzen duela. Aitari bulegoko ordu eternalak etorri zaizkio gogora, eta horien aldean asteburuak izan ohi duen iraupen eskasa. «Ez naiz horretaz ari!», egin dio arrapostu goizetik inspiratuak, bekokia zimur.

Dena erlatiboa dela esatea otu zaio orduan ama hanpurutsuari, argiaren abiadurara zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta polikiago pasatzen dela denbora, baina Einstein txikia ez da katramilan galdu. Ia desegin den gailetaren bila arrantzan, gogoetari ekin dio: «baina abiadura horretan energia izango ginateke...».

«Nolako zura halako ezpala», eten du elkarrizketa aitak, ama-alaben erdian jarri eta presatzera behartu nahian. Senarraren ahotik inoiz entzundako losintxarik ederrena iruditu zaio andreari, bien inteligentzia goratzen ari zela, eta begia kliskatu dio. Gizonari, berriz, zinikoa egin zaio keinua, zintzoki esanda, korapilorik estuenak beti ezgaraian askatu nahi izateko maniaz ari baitzen.

«Energian bizi daiteke?», besteak temoso, jada eskolara bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.