Bira

Diktadoreak

Onintza Enbeita
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Liburuetan kontatu dutenez, Tuxpan ibaia ilunpean zeharkatu zuten, eta Mexikoko kostatik urrun zeudela ikusi zutenean piztu zuten argia. 1956ko azaroaren 25a zen, eta mugazainak engainatu zituztela ospatzeko Kubako ereserkia kantatu ei zuten. Gaurkoa lako egun batean iritsi ziren Kubara: 1956ko abenduaren 2an. Granma ontzia kostan utzi, eta ekialdeko mendietara iristea zen plana. Han prestatuko zuten iraultza, eta indarrak batu ahala, herrietara jaitsiko ziren ibilian-ibilian Habanaraino heltzeko. Camilo Cienfuegos bere zaldi gainean Habanan sartu zenean, ez ziren hamar yatetan ere kabitzen iraultzarekin bat eginda zeuden herritarrak. Lau eroren ametsa izandakoa, herri osoaren egia zen. Fulgencio Batista diktadoreak alde egin zuen, eta gobernua iraultzaileen eskuetan geratu zen. Ezinezkoa zirudien, baina lortu egin zuten. Are ezinezkoagoa zirudien urteen buruan, eta piztia hain hurbil izanda, eutsiko zutenik, baina eutsi egin dute. Orain espedizio haren buruari diktadore deitzen diote batzuek. Kontuz: ez dute dena ondo egin, baina gure eredu sozioekonomikoaren zilegitasuna kolokan jarri dute, bestelako ereduak posible direla erakutsiz. Eta horixe da iraultzaileei diktadore izena jartzen dietenei beldurrik handiena ematen diena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.