Bira
Durango III
Pasatu da. Badakigu zeintzuk izan diren libururik salduenak, diskorik sinatuenak. Honezkero, baten batek esango du gutxiago falta dela datorren urteko azokarako, eta honezkero, badakigu datorren urtean zuzendari berria izango duela. Kuriositateari eusten diotenek Gabonetarako gordeko dituzte Landakoko erosketak, eta besteok Olentzero datorrenerako diskoak markatuta edo liburuak irakurrita izango ditugu. Nik egundo ez diot kuriositateari eusten: erosi ditudan hiru liburuak hasi ditut, eta ez dakit zeinekin jarraitu. Akaso, hirurak uztea izango da onena; irakurriko ditut astia dudanean. Aurten, gainera, ez ditudanez libururik salduenak erosi, elkarrizketatik kanpo geldituko naiz berdin-berdin. Azokako atean lagun musikari batekin topo egin nuen, eta berbetan hasi ginen ekoizpenaz, salduenez, krisiaz... eta berak esan zidan arazoa dela batzuek pastelaren erdia baino gehiago jaten dutela, eta horrek pastelaren zatirik gabe uzten dituela besteak. Saltoki guztiek ez dute tamaina bera: batzuetan jendetza biltzen da, eta besteetan, inor ez... Hausnarketa eginda, Euskal Herriko kulturan iritzia kontuan hartzen zaien gizon-emakume askok liburu eta disko berberez hitz egiten dutela konturatu nintzen. Batez ere abenduan. Arrazoia izango ote zuen nire lagun hark?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu