Bira
Egun arrunta
Igande usaina dauka gaurko egunak (irakurlearentzat atzokoak). Goizean ohetik jaiki eta arraro egin zait eguazten batean lanera ez joatea, baina ez naiz joan. Gernikan dena edo ia dena itxita dago. Kafea hartzera joan naizenean,ez dut TAO ordaindu beharrik izan. Hori igandetan eta larunbat arratsaldetan baino ez da gertatzen. Gure ama lanera joan da, eta hasi naiz pentsatzen ea zer den arraroagoa: Hispanitatearen Egunean lan egitea, ala guztiok jai dugunean batzuk lanera joatea hala egin behar dutela sinesten dutelako. Herri honetan jai egunak ere arraroak dira azkenean. Egun osoa izan dut ospatzeko ezer zergatik ez daukadan hausnartzeko, eta neure burua ia konbentzitua nuenean gogoratu naiz nola esan zidan, behin, auzoko emakume batek: gauza bat da espainolak ez izatea, eta bestea leloak izatea. Alegia, jai egin eta kitto! Ez dut hain garbi ikusten, eta askotan lan egitea tokatu gabe ere lanera joan naiz, baina gaur jai egin dut. Eta oraindik min handiagoz egingo dut jai urriaren 25ean, edo abenduaren 6an. Sekulako gerra sortuko zait berriz ere barruan, baina goizeko 11:00 arte lo eginda gero, neure burua kontsolatuko dut: lasai, Onintza, ateoak Benidormera joaten dira Aste Santuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu