Onintza Enbeita
Bira

Elurra

2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ohetik jaiki naizenean zurituta zegoen dena. Baserritarrak pozik egongo dira: elurrak, urtzen denean, ortuetako izaki eta landare txarrak eramaten ditu bere bidean. Gauez bota du elurra, baina ez dit ametsik eragotzi; isilik erori da, mara-mara. Ingurua zuri-zuri dago. Goizean ikusi ditudan malutak haizeak astindu ditu hara eta hona, eta beti bezala, airean galduko zirela zirudienean, lurrera erori dira bertan itsasteko. Maluta bat, bi, hiru, lau… bakarra urtu egingo litzaiguke eskuetan, baina asko biltzen baditugu, edonori min egiteko moduko pilota egin daiteke. Asko gustatzen zait elurra: nola erortzen den, ze diskretua den, nola estaltzen duen dena… baina konturatzen naizenerako jendea dabil elur gainean oinez. Bigarren aldiz begiratu dudanerako urratsak daude elurretan, pilotak egiteko hartu dutenez zuloak daude, lokaztuta daude bazterrak. Maite dut elurra bezalako jendea: bere bidea isilik egiten duena, pilota izan behar denean pilota izaten dakiena, baina urtzeko beldurrik ez daukana. Pena da, gehienok elurra zapaltzen dugun espeziekoak izatea: nabarmentzea gustatzen zaigu, gure urratsak ikus daitezen nahi dugu, pilota izan behar badugu berdin digu indarra nondik biltzen dugun… gehiegitan lokazten ditugu zuri behar luketen bazterrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.