Bira
Eroak
Espainiako Barne ministroak ez du ETArekin hitz egin nahi. Gatazka konpontzeko inoiz izan duten aukerarik onena dute, eta ez dute baliatu nahi: espainiar hauek erotuta daude. Edo ez. Aurten 520 urte beteko dira gaur egun Amerika esaten diogun kontinentera iritsi zirenetik, eta 1898an Kuba eta Filipinak galdu arte, Espainiako errege-erreginak majo loditu ziren indietan ostutakoarekin. Hasieran indigenak menperatuta izan zituzten guztiz, baina urteen poderioz, eta injustizia jasan ezinaren jasan ezinaz, indigenak altxatzen hasi ziren. Espainiarrek ezin izan zuten halakorik jasan, eta euren nagusitasuna erakutsi zieten. Gaur beteko dira 221 urte Tupac Amaru II.a hil zutela. Lehenengo, torturatu egin zuten; gero, bere emaztea eta seme biak nola torturatu eta hiltzen zituzten ikustera derrigortu zuten, eta, azkenean, lau zatitan apurtzen ahalegindu ziren gorputzaren adar bakoitza zaldi bati lotuz. Ez dakit mirariz, edo zientifikoki azaldu daitekeen azalpenen baten ondorioz, baina Tupac Amaru II.aren larruak osorik eutsi zion sakrifizioari. Burua moztu zioten orduan; eta lantza baten puntan ipinita erakutsi zuten, inori bere eskubideak aldarrikatzerik bururatuko balitzaio ere. Espainiar hauek orduko haien ondorengoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu