Mihise beltzean tindu beltzarekin margotzeaz aspertuta, krisia esaten diogun hondoratze kolektiboari argi printza batzuk ezartzea erabaki dute, nonbait, entzuten ari naizen irratian. Lau neska-mutil gazte bildu dituzte, eredugarriak laurak: guztiak teknologiaren edo enpresa antolaketa eta kudeaketaren arloko ikasleak, zein baino zein espediente akademiko hobearen jabe, eta ingelesean ongi trebatuak. Saiatuak eta ordenatuak. Guraso gehienen amets gorpuztua. «Gure etorkizuna», laburbildu du esatariak.
Dotore ari dira gazteak: beltza dagoela kontua, baina gogor saiatzeko garaia dela; ikastekoa, trebatzekoa. Praktikak ere egin dituztela hainbat enpresatan, eta oso esperientzia baliagarria izan zaiela, maite dutela lana. Gainera, lauretako batek enpresatxo bat sortua ei du beste kide batekin, enpresa handiei zerbitzuak emateko. «Gure etorkizuna, gure ekintzaileak», dio gogotsu esatariak. Eta hemen beren «mailako» eskaintzarik izan ezean maletak hartu eta joateko prest daudela: Alemaniara, Suediara, Norvegiara... Ez dutela loturek beren etorkizuna hipotekatzerik nahi.
Ordea, herrigintzaz, ondasunen banaketa bidezkoaz, krisiaren arrazoiez... hitzik ez. Ziurrenera, halakorik ez dago jasota beren ikasketa planetan. «Gure etorkizuna», azpimarratu du liluraz esatariak.
Bira
Etorkizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu