Bira
Frikiak
Ni frikia? Beste batzuek sudokuak egiten dituzte, Onin, eta nik hau!», esaten dit beti lagun batek. Arrazoia du: bakoitzak daki non dagoen bere gogoko aldapa. Niri egunero joaten zait orduren bat sare sozialetan. Azkar eta urrutira komunikatzeko aukera ematen didate, eta, jende asko dagoenez Facebooken edo Twitterren dena kontatzen duena, gauza asko jakiten ditut aulkitik jaiki gabe. Edozein lekutan ikusten dut jendea sakelakoa atera eta egiten ari dena idazten. «Zelako frikiak diren», esaten didate sudokuak egiten orduak ematen dituzten lagun batzuek. Nire pozerako, ordea, euskal twittero frikiek maite naute eta ezin izan diot kontua zabaltzeko tentazioari eutsi. Orain bizio doblea daukat sare sozialetan: frikitzen ari naiz. Askok esan didate sare sozialak uzteko, kontrolerako eta kuxkuxeatzeko baino ez direla. Zenbait gunetan gaizki ikusita dago frikismo hau, antza. Harritzen nau: ni askoz ere gehiago biluzten naiz hemen, sare sozialetan baino, eta inork ez dit horregatik friki deitzen. Jendeak gutxiesten dituen lekuetan ari direnei deitzen die frikiak, baina nik maite ditut frikiak. Nahiago ditut, munduko gauzarik arraroenari lotuta bada ere, pasioren bat duten lagunak, edozein gauzaren aurrean sorbaldak jasotzen dituztenak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu