Bira
Galderak
Nire barruan beti izan ditut erantzunak baino galdera gehiago, eta horrek eraman ninduen behinola kazetaritza fakultatera. Orain ere nire barruko radar guztiak pizten zaizkit norbait ez dakidan zerbaiti buruz hitz egiten hasten zaidanean. Ez dakit lotsatu egin beharko nukeen, baina izugarri gustatzen zait galderei erantzunak bilatzea. Dena edo ia dena interesatzen zait. Jakin egin nahi dut. Hala ere, fakultatetik kanpora bizi izan dudan kazetaritzak ez du galderarik. Grabagailua hartu, eta prentsaurrekoetara joaten dira kazetariak. Hainbeste prentsaurreko egiten direnez, gainera, aukeratu egiten du kazetariak, edo saileko buruak, zeintzuetara joan eta zeintzuetara ez. Ez dago notiziaren atzetik ibili beharrik, galdetu beharrik, irakurri beharrik. Halako lekura joan; apunteak ondo hartu, eta txukundu. Horretara mugatzen da askoren kazetaritza. Eta orain urte batzuk moda berria sortu zen: galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoak. Hori ezin dut ulertu, eta ezin dut jasan. Erantzunik ez daukanak hobe luke isilik egon esaten ari denari buruzko erantzunak izan arte. Ez bakarrik kazetarien lanari zor zaion errespetuagatik, esaten ari dena interesatzen zaien guztiei zor dielako baizik. Diktaketak eskolan egiten genituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu