Bira
Gazteluak
Denok eraiki dugu noizbait gazteluren bat airean: lurrik gabe, porlanik gabe, zutaberik gabe. Guztioi erori zaigu noizbait gazteluren bat, eta ez umetan bakarrik. Ezagutzen dugu norbait eta gustatu egiten zaigu; asko, izugarria. Motxila beteta daukagu, mina hartzeak beldurra ematen digu, ezetzik ez dugu jaso nahi, eta, gainera, lotsatu egiten garenez gauzak zuzenean esaten, indirektak botatzen dizkiogu. Ez zaigu burutik pasatu ere egiten zer sentitzen duen galdetzerik, badaezpada. Haren aurrean ahulegi ez agertzearren, ez dugu esaten geuk zer sentitzen dugun, baina intuizioak hala dioelako-edo, ziur gaude guk bota dizkiogun indirekta guztiak ulertu dituela. Orduan pentsatzen dugu berak esaten duen guztiak ere bigarren zentzua duela, eta, polita mundu guztiari deitzen dion arren, guri desberdin esaten digula, eta Facebooken jartzen dituen kanta guztietan identifikatuta sentitzen gara, eta aurrez aurre dugunean urtu egiten gara, eta esango genioke heldu gogor berton erori behar dut-eta, baina ume batek baino azkarrago eta zentzu gutxiagorekin berba egiten dugu, eta azkenean nik esango eta zuk esango konturatzen gara ez dagoela ezer; edo egon dena hoztu egin dela. Airean eraikitako gazteluak ez erortzeko modu bakarra sentitzen duguna egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu