Oinazetan eta heriotza data hurbilarekin den inori berariaz sufrimendua areagotzeak ez du gizatxarkeria beste izenik, eta, beraz, baldintzapeko askatze berantiarra gorabehera, gizatxarkeriaz jokatu dute Espainiako botereek Josu Uribetxebarriarekin —eta ez dezagun ahantz: hala ari dira jokatzen beste hainbat presorekin—. Gainera, nago jokabide hori ez dela erraietako bulkada baten ondorioa, baizik eta burmuin hotzek ondo iragazitako estrategia politikoa. Batetik, gatazkari izaera politiko guztia erauzteko; hain justu, ETA mina eta gorrotoa sortzea beste asmorik gabeko piztiatzarren taldera murriztu dute, eta, ondorioz, giza trataerarik merezi ez duten sugegorriak dira presoak. Bestetik, aurkaria —bai, ukatzearen ukatzeak are eta nabarmenago egiten du nor duten aurkari politiko zuzena— estutzeko tresna da presoen sufrimenduarekin darabilten jolasa, besteak beste, etsipenaren eta barne haserre suiziden mamua harrotzeko bidea.
Baina botereen estrategia baino beldurgarriagoa zait Justizia gosez mozorrotutako mendeku deiak jendartean itsasteko duen erraztasuna, etengabe gure erraietako gizatxarkeria askatzeko aitzakiaren zain bageunde bezala. Eta ez begiratu auzora, jarri ispiluaren aurrean, geuk ere baditugu-eta geure sugegorriak.
Bira
Gizatxarkeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu