Bira

Gorbata

Onintza Enbeita
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iñaki Anasagastik gorbata janztea gomendatu zion Paul Riosi Nazioarteko Bake Konferentzira joateko. Grazia egin zidan, eta adi egon nintzen Bake Konferentziari begira. Paul Riosek gorbata jantzi zuen, baina ez berak bakarrik, hara joan ziren gizonezko guztiek zuten gorbata Donostiako alkateak izan ezik. Ez dut esango harritu ez ninduenik Rufi Etxeberria gorbatarekin ikusteak, baina, ze kristo, dotore zegoen. Jon Idigoras Madrileko kongresura joan zenetik hona, gorbatak aldatu egin dira ezker abertzalean, garai bakoitzera egokitzen jakin dute. Atzoko konferentziaren emaitzak potoloak izan ziren. Honezkero, ordua da bakoitzak dagozkion urratsak egin ditzan. Asko itxaron dugu. Irudipena daukat bake prozesua hasi zenetik keinuak eta pausoak egiten ari direnak ordura arte terroristenak izandakoak direla, eta beste guztiok ere badugu espabilatzeko ordua. Dena dela, gorbatekin amaitu nahi dut, hasi naizen moduan. Konferentziaren emaitzak entzunda, Espainiako hauteskundeetako koalizioak nola dauden jakinda, euskal gizartearen aldaketarako gogoa usainduta eta lehendakaria aukeratzeko hauteskundeetarako zenbat falta den kalkulatuta, pentsatzen nago ez ote dien batzuei gorbatak saman itolarria eragingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.