Bira

Humanizatu

Onintza Enbeita
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Badakit Margaret Tatcherrek historia egin zuela: Ingalaterrako Lehen Ministroa izatera iritsi zen lehen emakumea izan zen. Meritua badu, baduenez, eta filma egin dute hari buruz: The Iron Woman (Burdinazko Dama). Ez dut ikusteko gogorik. Halakoetan filmek ohi dutenez, humanizatu egingo dute Tatcherren figura, ziurrenez: bidegilea, alaia, kezkatua… nik ez nuke ulertu nahi IRAko presoei astero bisita bat onartzea baino gose greban hil zitezen uztea nahiago izan zuen Lehen Ministroak bihotza bazuenik. Berdin dit emakumea edo gizona zen: sexuak ez du egindakoa aldatzen. Gizonen besteko gaitasuna badugula frogatu beharraren frogatu beharraz, gauza lotsagarriak egin ditugu emakumeok ere. Ez dut filma ikusi nahi. Azken arnasara arte goseari eta duintasunari eutsi zioten preso haien senideei seme-alabak indarrez elikatzeko ardura eman zien, eta behazuna irentsita, presoen nahia bete zutenei senideak hiltzea egotzi zien. Ez. Ez ditut historia egin duten emakume guztiak maite, historia egin duten gizon guztiak maite ez ditudan bezala. Ez dut Hollywoodek izorra nazan nahi, ez dut burdinaren atzean haragirik ikusi nahi. Errealitatean hala izan ez bazen, fikzioan zergatik ikusi behar dugu hezur-haragizko bihotza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.