Bira

Hurbil

Onintza Enbeita
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Aurten jende askok erakutsi du Espainian politikariekin haserre dagoela. Baten batek pentsatzen badu hori ez dela horrela, maiatzaren 15eko mugimenduari jarraitzea baino ez dauka, politikariek, berriz, ez dute ezer egin gauzak konpontzeko: urte bi behar izan zituzten krisia dagoela onartzeko, eta gehiago beharko dituzte txarto egindako plan ekonomikoa aldatzeko. Gobernuak ez du jakin herritarren kezkei erantzuten, bankuek etxerik gabe utzi duten jendeari laguntzen, langabeak babesten... herriarengandik oso urrun egon dira hala nahita, baina orain hauteskundeak datoz eta botoak behar dituzte. Alfredo Perez Rubalcabak bere album pertsonaleko argazkiak argitaratu ditu hauteskundeetarako ireki duen webgunean. Horrela, maite dutenek haren historia arakatu ahal izango dute nolako gizona den jakiteko, eta maite ez dugunok politikari hotz horren atzean gizon bat dagoela deskubrituko dugu. Patetikoa da beharrezkoa denean kasurik ere ez egitea herritarrei, eta gero, tronua jokoan daukatenean halako sentimentalkeriekin etortzea. Ez nuke harritu behar, beti egiten dute gauza bera, baina harritzeko eta haserretzeko galtzen ditugunean, guztiz irentsi gaituzten seinalea izango da, eta ez dut hori nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.