Bira
Ihes
Gaur inoiz baino gehiago gogoratu naiz Isabel Pantojarekin. Benetan. Frank Sinatraren My Way kantuaren bertsioa egiten du Sevillako kantariak, eta edaten dudanean gustatu egiten zait Pantoja imitatzea; beno, edan gabe ere bai. Ingelesez baino errazagoa zait gaztelaniaz kantatzea batetik; eta bestetik, azken batean, Sinatra gizona zen. Ez dut esango emakumeok elkar ulertzeko gaitasun berezia dugunik, baina Sinatrak «for what is a man?» galdetzen du bere kantuan: zertarako da gizona? Eta ni nola gizona ez naizen, harroago ibiltzen naiz gaztelaniazko bertsioarekin. Batez ere, gustatzen zaizkigun gauzak utzi beharraz hitz egiten duenean. Esaten du, «zer kritikatu dezakete, nik errenuntziatzen ikasi badut? Negar egin dut, eta negar egin badut, nire erara izan da». Itzulpena libre samarra da, baina ez didazue ukatuko erabakiak hartzea zaila bada horrexegatik dela: pauso guztiek dute gozotik eta gazitik. Gauza batzuk hartzeak beste batzuk uztea dakar askotan, eta egoera norberaren gainetik jartzen denean, litekeena da alperrik izaten nahi denari eusteko ahalegina. Gozoak ez du gazia arintzen; baina ikasi behar dugu gaziari bere neurrian erreparatzen. Mexikon esan zidaten behin: bizitzak limoiak ematen badizkizu, eskatu barran tekila eta gatza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu