Andaluzia zigortuan soka batetik dingilizka aurkitu dute Jose Miguel Domingo Aguila Domingo, bere burua urkatuta, etxeko patioan. Zertxobait beranduago iritsi da Polizia, Domingo bere etxetik botatzera, epaile batek aginduta, zorra ezin ordainduta zebilenez banku batek jarritako salaketagatik. Hilotz epel bat aurkitu dute. Hurbilekoek ere ez zekiten Domingo hain estu zebilenik. Entzuna zioten papertegiko negozioa asko eskastu zela, baina horixe, auzoko gehienen panorama bera. Hilotz batek baino isilago gorde du ez zela iristen hipotekari buelta ematera. Lotsa, ezintasuna eta errua. Hori da maltzurrena: biktima, errudun bihurtuta.
Ez baitago borrerorik. Ezin baita esan Domingo inork hil duenik: bankuko buruek, beharginek, epaileek, justizia administrazioko funtzionarioek, poliziek... egitekoa bete dute, besterik ez. Hori du kapitalismoaren zatitze eta katetzeak: inork ez du ondorioen ardura zuzenik, bakoitzak bere lana bete baino ez du egiten. Gaitz guztien petxero izateko, krisia izeneko piztiatzarra asmatu digute, hezur-haragizko errudunak estaltzeko mamua. Ez dago hilketarik, errudunik, zigor eskaerarik. Aldiz, gaur urtebete Barcinaren aurpegia pastelarekin zikindu zuten terroristak sei edo hamar urterako bidali nahi dituzte espetxera. Badakizue, indarkeria.
Bira
Indarkeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu