Espezialistek Europear Estatuek zorrak ez pagatzea erabaki behar dutenez galdezka dabiltzan artean, badakigu guk —eta zuek— zor bat badela bederen sekulakoz, zakutik edo zorrotik, ordaintzekoa duguna, irriarena hain zuzen, eta bereziki nork bere buruarekiko, nahiz bere kulturarekiko, Tolosa batekin Agirre bat gehiago lehendakari jarri zitzaigula Natxituko bolatokian karia horretara: play again Maria Lurdes...
Piarres Adameren karkara ozena hautematen dugu oraino eta Johaine Barkosena Mauleko ostatu zoko keztatuetan irudikatzen. Algara mitiko horien oihartzunek aitzinatzen laguntzen gaituztela ezin uka, bestela nola biziko gintzateke, bizitza bera askotan problema bihurtzen den garaiotan. Negar egingo luke bestalde irriari bidea arraiki irekitzen zion gure amak balaki barre partekaturik gabe eguneroko oihala irutea zein zaila den.
Haurrak sortu orduko oihu egiten du, negar jarraian hatsaren xendra zabaltzeko eta agudo irri lotarik ere. Ohartuko zaretenez heziketa guztia irrirako jaidura primitiboaren kontrolatzean datza. Eskerrak noiztenka lehertzen garela, irriari esker izkinak leguntzea lortzen dugula, sakratua sakrifika ez dadien desakralizatuz.
Gauden bada zorretan.
Bira
Irria zor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu