Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Itsusiak

2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hiru urteko alabak oso argi dauka zer den edertasuna, eta haren begietara ez dauka inolako zerikusirik sudurraren tamainarekin, begien simetriarekin, belarrien zabalerarekin edota hortzen zuzentasunarekin. Oraindik eta gutxiago ile kopuru, zimur sakonera, azalaren kolore eta haragiaren irmotasun eta ugaritasunarekin. Batik bat, keinuarekin eta jarrerarekin lotzen du: polita iruditzen zaio irribarrez eta goxo hartzen duen guztia, eta aldartea belztu ahala hasten da iritzia aldatzen. «Ez jarri itsusi», erregutu izan dit noizbait errietan hasi natzaionean. Eta behin itsusietara iritsita, bereziki argi du nor den zatarretan zatarrena: Spiderman. Hasieran ez nuen ulertzen zergatik, baina laster konturatu nintzen Spidermani ez ezik, aurpegia estalita edo guztiz mozorrotuta daramaten guztiei esaten diela itsusi alabak; hau da, giza tankera ezabatua duten denei.

Buelta asko eman izan dizkiot Poliziak aurpegia estaltzeko duen premiari. Pentsatu izan dut zigorgabetasuna babesteko, garaiezin sentitzeko edo lotsa gordetzeko ezkutatzen zutela. Baina Madrilen pilotakada jaso duen 11 urteko meatzari alabaren argazkia ikusita argitu zait egia: jantzita daramanari giza tankera ez ezik gizatasuna ere sustraitik erauzteko da mozorroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.