Xabier Triasek Bartzelonako giltzak hartu zituenean, ikusi genuen ara.cat gunean, Bruce Springsteenen working on a dream abestiaren katalanezko bertsioa mailukatu zuen mintzaldian, bere betekizunaren gidari, lekuko, eredu. Alkate berriaren egin moldeak irria hazi zidan, Polonia emankizuneko zenariztek ez zutelako antzekorik asmatu. Eako moilan —harrizko herri hau purruskatuko dituzten poesia egunak alaina berton dauzkagu— telefona mugikor eraginkorraren pantailari iltzaturik Juan Carlos Izagirre Donostiako auzapezak bertsotan jaun-makila nola hartu zuen begimendu genuen arrats apalaz pentsatu nuen segidan. Kobla zaharren ohitura herrikoia ez zen gutxitan baizik horrelako goren gradura hupatu gurean. Strabonek goraipatu Oiasso-Tarrako erromatar bide ohiaren punta batetik bestera zerbait aldatzen zihoan, aburu politiko arruntez haratago.
Datorren igandean, derradala aukeraz balia, Ahetzeko herrian omenaldia eskainiko zaio Mattin Treku koblakari ahantz ezinari. Badu hogeita hamar urte zuzen mundu hau, azken algara ozenaz, abandonatu zuela. Meza. Aperitifa. Bazkaria. Saioa. Mattin ere, modu bereziaz, ametsa lantzen zebilan. Minberatasun bozkariotsua opari eta ontasun utzi zigun.
Bira
Kantari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu