Bira

Kuxean

Itxaro Borda
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
DSK zuritua da, gero zuriago, frantziako prentsaren ustez, Nafissatou Diallo Sofitel hoteleko sehia gezurti hutsa baizik ez ditekeelako, diru-garbiketa eta droga trafikoa leporatzen diotela gainera. Alta NDF-ko nagusi ohiaren esperma lekatsua —hauxe zutabe gore-a...— atzeman zen anderearen arropetan, bai eta azazkal marra odoltsuak DSK-ren papo biluzian. Historia guztia telesail merkea liteke politika mundua inarrosten ez balu. Hargatik kazetariek arduradunaren itzultzea aipatzen dute datorren irailarako eta anitzek 2012ko hautagai dakusate. Afera honek baldintzaren erabiltzera bulkatzen gaitu hasieratik.

Krimak nor sosegatzen duen eskatzen ahal da. DSK-ren penitentziak Sarkozyri Lagarde NDF haren buru jartzeko denbora eman dio. Jendetasunaren abilezia egiazki eskastu zitzaion DSK jada ospetsuari, xedera hertsi eta eskua aluan aurkitu baitzen —barkatu erran moldearen gordina—. Noizbait jakinen da nork irun zuen ezkerreko politikari neoliberalaren urkatzeko mihisea. Zerbitzu sekretuek bada? Eliseoko gela ilunetan maixuaren ordenen beha tapalakatzen direnek? Agian, azkenik, kanpaina mediatiko honen helburu soila «bortxaketa adostuaren» ideia publikoari kuxean irentsi araztean datza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.