Bira
Langileak
Oraingo langileek ez dute 1886an Chicagon hil zituztenekin zerikusirik. Oraingo langileek oporretarako etxea dute, auto handiak, trago luzeak edaten dituzte noiznahi, markako arropa janzten dute, ez dira grebara ateratzen diru gehiegi deskontatuko dietelako, manifestazioak bertan behera uzten dituzte eguraldi eskasa argudiatuta, haserretu egiten dira beste langile batzuk grebara atera direlako ezin badute zubia pasatzeko hegazkina hartu, jatetxe garestietara joaten dira. Ez dugu 1886an baino baldintza hobeetan lan egiten. Harrezkero irabazitako eskubideak galtzen ari gara krisiaren izenean; eta, hala ere, langile asko ez dira manifestaziora joango gaur: zubia egin dute, eta oporretara joan dira. Maiatzaren bata ez da abuztuaren hamabosta baino bereziagoa oraingo langileentzat: marka gorria baino ez da egutegian. Eskuinak irabazi egin digu: klase kontzientzia galdu egin dugu. Aberatsen eta enpresaburuen bizimoduak liluratu gaitu, ez gaude langile izateaz harro, gure gurasoak gizarajo langileegiak izan zirela iruditzen zaigu. Eta ez gara konturatzen geu zein leloak izan garen. Engainatu egin gaituzte: materialista hutsak gara. Zoriontsu izateko ez dira etxe bi behar. Egiten dugunarekin harro egotetik hasi behar genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu