Bira
Lehortea
Asteburuan gauza asko gertatu zaizkizu, baina ez dakizu nola hitz bihurtu. Orri zuriaren dirdirak min egiten dizu begietan, baina zuritasun horrek zerbait esango balizu bezala zaude ordenagailuko pantailan begiak iltzatuta. Begiak ixten dituzun aldiro, pentsatzen duzu irekitzerakoan hor ikusiko duzula idatzi nahi duzuna. Orria mutu dago, eta eskuak geldi. Tekla bat zapaldu duzu, eta idatzitakoa ezabatu duzu; beste zerbait idatzi duzu, ezabatu duzu, beste bat, berriro ezabatu… Miguel Angelek esaten ei zuen marmolak esaten ziola zein eskultura egin: mailua eta zintzela hartu eta lanean hasten zen harriak nonbait idatzita zituen marrei jarraituz. Ia-ia errezatu egiten duzu zuri ere orri zuriak zerbait esan diezazun, baina goizaldeko seietan erdi mozkortuta zatozenean igogailuko ispiluak esaten dizuna esaten dizu orriak: niri ez begiratu, nik beste aldean dagoena baino ez dut erakusten. Bai, zeu zara zuri dagoena, ustez esateko ezer gabe. Hala ere, zeu zara idatzi egin behar duena, eta bertsotan egin behar duena astelehena izan arren. Eta justu gaur, inork ez dizu ganorazko konbertsaziorik eman. Planetak ez dira lerroan jarri, hitzek ez dute testu izan nahi, eta zeuk daukazu arazoa hor barruan: normalean letrak egoten diren lekuan gaur zulo bat daukazu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu