Abilak dira boteredunak prestidigitazio ariketak egiten. Zenbat eta boteretsuago, orduan eta abilago. Espainiako Gobernuak, oro har, eta oraingoa, zehazki, maisu dira kapelatik untxi zuri liluragarriak ateratzen.
Esate baterako, larri dabil jendea: enplegua, urritzeaz gainera, eskasten; bizimodua garestitzeaz batera, ordainarazteko bideak estutzen; eskubidezko ziren ondasun eta zerbitzuak, pribilegio bihurtzen. Eta sumatzen da giroan halako haserre bat, marmar sakoneko bat, politika eta politikariak begitan hartu dituena—tamalez, horrela, oro har, zehaztasun eta ñabardura handirik gabe—. Agidanez, ahoz ahoko sumindura horrek pitzatu du Espainiako Gobernuaren kristalezko kutxa, eta jo eta su ekin diote prestidigitazioari. Oraingoan, zuria ez ezik handia eta bikaina ere bada xisteratik atera duten untxia: hil arteko espetxe zigorra, berraztertzeko moduko kartzela iraunkorraren mozorropean. Izan ere, badakite lekutan geratu zirela presondegi guztiak eraitsi nahi genituen garaiak, poliziarik gabeko jendartearen ametsak. Badakite haurren hiltzaile edo bortxatzaileen kontrako mendeku grinarekin erraz goxatzen zaizkigula injustizia politiko eta sozialek egindako zauriak. Ezarriko dute hil arteko espetxe zigorra, eta libreago sentituko gara biharamunean.
Bira
Libreago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu