Bira
Liburutegian
Gure herriko liburutegia oso ondo dago. Ez bakarrik liburuzaina jatorra eta dotorea delako eta bere lana guk merezi baino hobeto egiten duelako; merezi baino nobedade gehiago eta hobeak ekartzen dizkigutelako baino. Eta lehengo egunean oso ariketa frikia egin nuen: liburutegiko apaletan begira hasi nintzen ea zenbat liburu irakurri ote ditudan gure bildumatik. Gutxi. Oso gutxi. Egia da liburutegian gaztelaniaz dauden batzuk euskaraz irakurri ditudala nik, eta horiek ez nituela kontatu, baina hala ere gutxiegi irakurri ditut. Litekeena da nik pentsatzen dudan baino irakurle eskasagoa izatea, baina uste dut arazoa beste bat dela. Liburutegiko apaletan bueltaka ibili ordez, zenbait dendatako apaletan ibiltzen naiz, eta azkenean liburu asko erosi egiten ditut. Baina ez justu liburu horiek direlako erosi nahi ditudanak: titulua gustatu zaidalako, azala oso ona delako… eta badakit ariketa hori bera liburutegian egingo banu garagardotarako diru gehiago geldituko litzaidakeela. Baina gustatzen zait etxeko apalategietan liburuak ikustea, poemak buruz ikastea, azpimarratutako esaldiak behin eta berriro irakurtzea… eta gustatzen ez zaizkidan liburuak liburutegira eramaten ditut. Bai, ez dago dudarik, nik uste nuen baino askoz frikiagoa naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu