Onintza Enbeita
Bira

Lotsa

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zerk ematen dizu lotsa?», galdetu didate. Harritu egin nau erantzuna zein argi dudan ikusteak, neure burua hain seguru eta lasai erantzuten entzuteak. Etxean beti esan digute lapurretan egiteko bakarrik izan behar dela lotsa, baina hori erantzungo banu gezurra esango nuke. Batetik, inoiz gominolaren batzuk ostutakoa naizelako; eta, bestetik, lapurretak ez nauelako lotsarazten, harrapatuko banindute pasatuko nukeen tratuak baizik. Ez nau lotsatzen jatorriak, brageta zabalik ibiltzeak, jendearen aurrean hitz egiteak, kalean noala erortzeak… Ni biluzteak lotsatzen nau. Norbaiten aurrean arropak kentzea ariketa zaila da niretzat; baita medikuaren aurrean ere. Pentsatzen dut horregatik gustatzen zaidala gero eta gehiago hondartzara bakarrik joatea. Beste norbaitek biluzten nauenean ere igarri egiten dut nola gorritzen zaizkidan matrailak infinitura arte: hasten dira arropak ohe barrenera erortzen, eta hasten da nire gorputza agertzen. Sorbaldak, titiak, zilborra, alua, izterrak, ipurdia, belaunak, bernak, oinak… denak bistan beren indar eta ahuldadeekin, beren plazer eta minekin, sekreturik gabe, erori zirenak altxatuko dituen zerarik gabe, bolumena disimulatu edo estaliko duen estalkirik gabe. Besterik gabe, biluzik. Sinestezina dirudi, baina lotsa ematen dit!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.