Bira
Memoria
Amama Klararen etxean zegoen guztia eraman zuten auzokoek. Ustez abertzale zirenak ere lapurretako parte izan ziren. Horregatik esaten zigun burua galtzen ari zenean «zuek txaketa kanbiau sekula be ez». Andonek eta Jesusek gogoan dute Oleskoko zein zubiren azpian ezkutatu ziren Gernika erretzen hasi zirenean, eta haien etxeko lastategitik hegazkinei tiroka gudariak egon zirela kontatu digute. Kontatu ahala, begiak pizten zaizkie, edo itzali, edo behera begira gelditzen dira… Ondarroako lagun batek kontatu zidan han emakumeei ilea mozten zietela, eta herri guztiaren aurrean desfilea eginarazten zietela gorriak izatearren zigorra izan zutela jakiteko. Alzheimerrak eta beldurrak ez digute memoria guztia eraman, zorionez. Hil nahi, baina hil ezin izan zituzten gizon-emakumeen ondorengoak gara gu: bonbarik bota ezin izan digutenez, torturatu eta kartzelatu egin gaituzte, gure nortasuna ukatzen saiatu dira. Baina hemen gaude. Eduardo Galeanori irakurri nion gogoratzea gauzak berriro ere bihotzetik pasatzea dela. Nik memoria biziek gordetzen dituzten xehetasun guztiak jakin nahi ditut. Negar egingo dut entzundakoa bihotzetik pasatzen zaidan aldiro, baina negar horrek gogoraraziko dit egia zor digutela oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu