Onintza Enbeita
Bira

Momentuak

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Irentsi behar nuen harrotasuna, barkatu behar nion, ridikuloa izanda ere esan behar nion lehenengo gauetik maite dudala. Momentua pasatu eta gero damutzea alferrik da. Bai, badakit errazagoa dela teoria praktika baino. Miretsi egiten ditut ateratzen zaiena momentuan bertan egiten dutenak. Esate baterako, lehengo batean Bilboko erreka hegaletik burumakur nindoala emakume bat hurreratu zitzaidan. Egun txarra neukan, eta pentsatu nuen, «hauxe behar dot orain, kaleren baten bila galduta dabilen baten bat». Bada, ez. Barkamena eskatu zidan, eskutik helduta, ez zidala denbora asko kenduko esan zidan, egunero irakurtzen ninduela eta asko gustatzen zitzaiola idazten nuena. Pentsarazi egiten diodala ulertu nion, begiak zabal-zabal, harrituta. Eguna alaitu zidan; goizean izandako eztabaida guztiak ahaztu nituen, eta handik aurrerako pasiera burua jasota egin nuen. Hamar minutu lehenago asko gustatzen zaidan musikari bat ikusi nuen Bulevard kafetegiaren parean. Irrikaz nago aspalditik zerbait esateko, baina ez nion ezer esan. Momentuan eutsi egin nion inpultsoari astuna ez izatearren, zorotzat ez hartzearren. Baina, agian, nik ere eguna alaituko nion. Orain ez dut jakingo. Momentu bi haiek pasatu ziren bezala pasatu ziren, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.