Onintza Enbeita
Bira

Mozorroa

2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Beti gustatu izan zaizkit asko inauteriak, baina arrazoia ez dakit. Umetan esaten ziguten inauteriak aproposak zirela urte guztian izan nahi genuen hori izateko. Azalpen polita da ezer ulertzen ez duen umearentzat, baina ez dakit nik hori den mozorroak estaltzen duena. Ez dut uste mozorrotu naizen gauza guztiak izatea gustatuko litzaidakeenik: ijitoa, margolaria, Jorge Javier Vazquez, lamina, erromatarra, Los Cinco Bilbainoseko kidea, eskalea, on line nago iragarkiko gizona, Albako dukesa, pailazoa… mozorro horiek janzteak bestela egingo ez nukeen zerbait egin dezadan ahalbidetuko zuten noizbait, baina ez dute erakusten izan nahiko nukeena. Batzuetan, negarrari eusteko indar izugarria egiten dut, pentsatzen dudalako negar egitea ahuldadea dela, eta jendearen aurrean gogor azaldu behar dela irakatsi zidaten. Eta gogor-gogorra izan nahi nuke, baina ez naiz. Eta zenbat aldiz egin ote dut barre benetan min egin didaten gauzen aurrean! Barrearen moduko maskararik ez dago: lotsa, beldurrak eta mina estaltzen ditu askotan. Denborarekin ikasi dut inauteriak gozatzeko egunak direla; udaberria laster datorrelako pozteko egunak. Benetako mozorroak, izan nahi genukeena estaltzen dutenak, egunero-egunero janzten ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.