Bira
Murriztu
Umetan irakatsi ziguten artoa mieztu egin behar dela. Ez dakit aditz hori esateko beste modurik etxean ikasi nuena baino, baina murrizteak balio dezake sinonimo gisa. Izan ere, hauxe da mieztea gutxi gorabehera: artoa ereiten denean, behar baino ale gehiago jartzen dira zuloan, baten batek indarrik hartuko ez balu ere, eta gero multzoka ernetzen da. Multzo guztiak batera ezin duenez behar den moduan gorantz egin, landare batzuk kendu egiten dira. Ez dakit baserritarrek onartuko luketen azalpen sinple hau, baina horretan utziko dugu. Murrizketei buruz politikariek kontatu diguten ipuina ere antzekoa da: ezin diogu gastu guztiari aurre egin aurrekontuetan daukagun diruarekin; beraz, lehentasunak ipini behar dira. Gertatzen dena da, baserritarrek sendoen dagoen landarea lehenesten duten moduan, politikariek ere euren interesik sendoenak lehenesten dituztela. Azkenean, belarra jorratzen dute, eta artoa sasira bota: gizarteak benetan dituen beharretara bideratutako partidetan murrizketak egiten dituzte, baina behar garbirik gabeko azpiegitura erraldoiak finantzatzeko badago dirua. Krisia egon badago, eta ez dut nik ukatuko murrizketak beharrezkoak direla, baina ez gaitzatela engaina: eurek gura dutenerako majo aurkitzen dute dirua ez dagoen lekuan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu