Bira
Naturala
Bertsolaritzako irakaslea nintzela, bariku arratsaldeetan, gora-goraka hasten zirenean, «ia, umeak, zagoze natural», esaten nien ikasleei. Behin Lekeitioko mutil batek galdetu zidan ea zer zen natural egotea, eta ez nuen erantzuten jakin. Ez da erraza esplikatzen. Izan ere, bakoitzaren sineskeren edo heziketaren arabera, oso gauza desberdina da naturaltasuna. Esate baterako, guri umetan abadea etortzen zitzaigun eskolara erlijio klaseak ematera eta munduko gauzarik naturalena balitz legez esan zigun mundua Jaungoikoak sortu zuela. Harentzat historian ez da ezer naturalagorik gertatu gizakiaren sorrera baino: Jaungoikoak sortu zuen gizona eta haren saihetsetik emakumea. Ez zuen dudan jartzen Jesukristo uraren gainetik oinez ibili zenik, eta sinesmen osoz esan zigun Loten emaztea gatzezko estatua bihurtu zela Sodomatik ihesean zihoala atzera begiratu zuelako. Era berean, abade hori parte den elizak uste du sexu bereko pertsona biren arteko sexu harremanak ez direla naturalak. Gero eta gehiago hitz egiten dute komunikabideetan elizgizonek, eta gehienentzat, umeak egiteko ez den sexu harremana naturaren kontra doa. Hori bai, Ama Birjina sekula larrutan egin gabe erditu zela sinestea eta sinetsarazi nahi izatea munduko gauzarik naturalena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu