Bizitza ez ezik, amaiera ere gogorra izan du Moses Kargbok: amiltzear den etxe batean aurkitu dute gorpu, Andoainen. Agidanean, gelakideak hil du kolpeka, Kargbok berak kalean aurkitu eta laguntzeko asmoz okupa bokaziorik gabekoen etxe okupatuan jasotako mutil gazteak. Baina zortea ere izan du, orain pare bat urte harekin harremanetan izan ziren Joxean Agirretxe eta Dani Ruiz-Zeberio irakasleek bere berri ematea erabaki baitute. Haien bidez jakin dugu 52 urte zituela, gerratik ihesi alde egin zuela Sierra Leonatik, langilea eta jatorra zela, sorterrian utzitako seme-alabak zituela lehentasun, eta krisi esaten diogun bidegabekeria zaparradak zigortu zuela gure jendarte abegikor honen bazterrera. Zortea diot, gutxienez, izen bat eta izan baten arrasto nagusiak eman dizkiogulako, nor izatearen aitortza minimoa egin diogulako.
Zeren pentsatzen ari naiz ez ote dudan Moses Kargbo ezagutu: ez ote den inoiz trenean nire parean eseri, eta haren irribarreari ez ote diodan ez ikusiaren bisaia izoztuarekin erantzun. Edo kaleren batean, harekin gurutzatzean, poltsari estuago heltzea ez ote den izan nire keinua.Pentsatzen ari naiz zenbat Moses Kargborekin gurutzatzen naizen egunero eta ez ditudan ikusten. Zenbat jenderi ukatzen diodan nor izatea.
Bira
Nor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu