Bira
Normalak
Ez dakit ze adinetako irakurleak ditudan, eta esango dut Mari Domingiren lagun handia naizela. Hurbiletik jarraitzen diet Olentzero eta Mari Domingiri Gernikako ikastetxeetan dabiltzanean. Mundiala da: ikusi behar zenituzkete umeak nolako maitasunez ematen dizkieten muxuak. Emozionatu egiten naiz ikaratuta negar egiten dutenekin ere. Zenbat txatxutzen garen pertsonak hazten garenean, inozentzia deitzen dioten poz natural hori galtzen dugunean. Umeek magia badagoela sinesten dute, eta nik mirestu egiten dut sinesteko gaitasun hori. Pozteko eta harritzeko gaitasuna dute eta hori zoragarria da. Hala ere, badira ume batzuk gizarteak ahaztu egin nahi dituenak: karroetan daudelako, normalak ez omen direlako (munduan diren galdera ikur guztiak jartzen dizkiot nik normal hitzari), euren kabuz bizitzeko gaitasunik ez dutelako. Eta ez dakizue ze poz izaten duten Olentzero ikusten dutenean eta etxera eramateko goxokiak banatzen dizkietenean. Gizarteak ahaztu dituenez, haiekin gogoratzen direnei dena ematen diete, eta ez naiz ni haiekin bereziki gogoratzen dena. Baina ematen dit zer pentsatua nahi duten guztia duten umeen irakasleek hainbeste eskatzeak eta baztertu ditugun umeen hezitzaileek behin eta berriz eskerrak emateak. Gu ez gara normalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu