Bira
Obsesioa
Autoarekin oztopoka Enara Rodriguez hiltzeko saioa egin dute polizia plakak erakutsi dizkioten bi gizonek, eta, horrez gain, titiak eta ipurdia igurtzi dizkiote, eta bortxatuko dutela esan. Sexu indarkeria puri-purian, tamalez, gure herrian polizien esku inkomunikazioa jasan dutenen artean konstante bat. «Hori nazka», esan dit lagun batek, «gero eta argiago dut poliziak ez direla normalak; ziur nago akademietan obsesio sexualak dituztenak aukeratzen dituztela». Baina ez dut uste norbanako gaixo batzuen kontua denik, gure sistema patriarkalaren balioetan zimenduak ondo errotuta dauzkan estrategia baizik: batetik, biktimak —normalean emakumea— okela hutsera murriztua izatearen esperientzia gordinena jasan du, eta, gainera, betirako orbaina utziko dio. Bestetik, izua eta, batik bat, umiliazioa jazarritako kolektibo osoari sentiarazten diote, eta, bereziki, taldearen ohore eta babesaren arduradun sentitzen direnei —normalean gizonak—. Hau da, balio patriarkalen arabera ulertutako gizontasuna —norbanakoena ez ezik, taldearena— goitik behera inarrosiko dute, funtsean, nor izate kolektiboaren zimendu sendoenetako bat. Zorionez, ordea, nago gurean gero eta eragingarritasun txikiagoa duen estrategia dela, hain justu, umiliatu nahi duten kolektiboa patriarkatuaren balioetatik urrundu nahian dabilelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu