Bira
Pisua
Bartzelonako futbolariei poliester birziklatuzko elastikoak ekarri dizkiete aurten, eta partida erdirako pisu handia hartzen dute. Ez dute izerdia behar bezala zurrupatzen, antza. Denboraldi-aurrean igarri zuten jokalariek blai eginda erretiratzen zirela zelaitik eta kamiseta gorputzera pegatzen zitzaiela. Klubeko zuzendaritzaren aurrean benetako kexa egin ahal izateko pisatu egin dituzte elastikoak, eta arrazoia zuten jokalariek: zelaira ateratzerakoan 200 gramo pisatzen zuten elastikoek deskantsuan 500 gramo pisatzen zuten. Nikek egiten die ekipamendua Bartzelonakoei, eta konponbidea bilatuko duela esan du; izan ere, ekipamendua aurkeztu zutenean izerdia zurrupatu eta lurrundu egiten zuela esan zuten poliester birziklatuari buruz. Plastikozko zortzi botila birziklatu erabili dira elastiko bakoitzean. Propaganda baino zerbait gehiago egiten ariko zen Nike etxea akaso, baina ez zaio ondo atera. Orain burmuina estutuko dute bulegoren bateko mahai borobilean eserita konponbideren baten bila. Jakin nahiko nuke elastiko santuok egiten diren lantegietan umeek zenbat pisatzen duten, edo zenbat kobratzen duten, edo egunero aldatzeko kamisetarik ba ote duten, edo Bartzelonako jokalariak ezagutzen ote dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu