Bira
Probabilitatea
Atzoko egunak zapore arraroa uzten du gehienon ahoan. Loteria tokatzea zorte kontua bada ere, beti pentsatzen dugu tokatu zaionak baino gehiago merezi dugula guk. Zortearen izenean erosten dugu loteria, eta tokatzen ez bada, «osasuna badaukagu behintzat», esaten diogu geure buruari. Bitartean, gure esperantzarekin aberasten dira asko: lan eskasa uzteko dugun esperantzarekin, nagusiak jasan behar ez izateko esperantzarekin, etxe handiagoa izateko esperantzarekin edo auto hobea izateko esperantzarekin erosten baitugu loteria. Neuk ere erosten dut, baina inbidiagatik: ingurukoak aberastuko balira, ezingo nuke jasan nik berdin jarraitzea. Badaezpada, haiek erosten dituzten zenbakiak erosi egiten ditut. Azken batean, probabilitate kontua da: zenbat eta gehiago jokatu, tokatzeko aukera gehiago. Eta matematika kontua ere bai: zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta irabazi handiagoak betikoarentzat. Esaten zidan niri Estik hala ere: «Gurelakoari ezin leixo egundo loterixek urten!». Nik barre egiten nion. «Zenbat eta gehiago jokatu, probabilidade gehiago eukiko doduz toketako». Nik baino garbiago zituen gauzak: «Gurelakoak eztie sartzen probabilidadietan. Gure numeroak sorteotik kanpora dauz!». Aurten ere arrazoia eman behar diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu