Ados, hipokrisiaren eta oportunismo politikoaren muga guztiak gainditzen ditu Mendebaldeko botere eta hedabideek Pussy Riot ekintza talde feministari adierazi dioten babes sugarrak. Ez da zilegi beren eguneroko mezu, lege eta praktiken bidez emakumeak patriarkatuaren kate motzera lotuta nahi dituzten horiek, bat-batean, feminismo kartsuenaren babesle bihurtzea, zer eta aurkari geopolitiko handiari, Putinen Errusiari, kalte egitearren. Ados, lotsagarria da.
Baina harrigarria —are, kezkagarria— hiperezker-hiperkritikoko hainbat kideren jarrera da, Pussy Rioten jarduera gutxietsi ez ezik, kontrairaultzaren susmopean jarri baitute, zer eta inguruan adiskide txar horiek sortu zaizkielako. Barkaberenen arabera, borondate onez aritu dira neska matxinoak, baina umeak bezala engainatu ditu AEBetako inteligentziak —ez ahaztu zeinen tuntunak garen andrazkoak—. Zorrotzenek, lagun/etsai geopolotikoen araberako silogismo katea ehundu dute kontrairaultzaileak direla frogatzeko: inoiz, ezertan, AEBen babesa jasotzen baduzu, edo kontrara, Putinen aurka egiten, zomorro burges zapalzaile bat zara. Noski, hain da askatzailea patriarkatuari dagokionez Putinen edo Chavezen eredua!
Serio ariko ez balira barregarria litzateke, mozorropetik isuri zaien jarrera patriarkala bezala.
Bira
Riot
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu