Bira
Sarri eta ni
Amaren gau mahaiaren gainean Atabala eta Euria izeneko liburua ikusi nuen umetan, eta aitak azaldu zidan nola alde egin zenuen kartzelatik. Izeba Mariasunen Ipuinak izan zen irakurri nizun lehen liburua, eta Gartzelako Poemek makina bat marapilo egin dizkidate urdaileko atean. Ene ondasun guztia entzun nuenean jakin nuen ez duzula «r» ondo ahoskatzen, eta irakurle batek inoiz egin didan erregalu bakarra Narrazioak izan da —erredakzioan utzi zuten nire izenean—. Zuri buruzko notiziak azaltzen diren bakoitzean ni baino gazteago agertzen zara argazkietan, eta 21 urte zaharragoa zara. Amets egiten dut egunen batean gure herriko liburutegira etorriko zarela eta iluntzean etxera noanean pentsatuko dudala, «Ainhoari gutunak idatzi zizkion gizonak, biluzten bagara errazagoa dela esan zuenak, muxu bi eman dizkit». Pertsonaia erromantikoa zara, Sarri: bazaude eta ez zaude. Batzuentzat terrorista bihurtu zaituzten esku berberek bihurtu zaituzte niretzat idazle berezi. Ez dakit esku lodiak, meheak, zahartuak, atzamar luzedunak, laburrak... izango dituzun, baina primeran jakin dute sentimenduak folio zurietan esplikatzen. Zorionak, Sarri, baina ez sari honengatik bakarrik: eskerrik asko guztiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu