garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Sena

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gure amona zenak ez zuen deus handirik aipatu nahi izaten Ezkurra utzi eta Tolosaldean lekutu ziren garaiaz. Beharbada, Extremaduratik eta enparautik jende-uholdeak heltzen hasi artean, nafarrak izan zirelako etorkinari jarritako koplak entzun behar izan zituztenak —«bertakoei lana kentzera datoz» edo «navarro ni de barro» bezalakoak, Marotorena kate luze baten begia besterik ez baita—, eta gure amatxi, mina norbere kolkorako dela zioen usadioan hezia izan.

Bere sorterriaz, bere haurtzaroaz ere, nekez bi hitz jarraian, eta gehienetan ezustean, kutsu zaharreko perla haiek nahi gabe ihes egin izan baliote bezala. Bere baitan biltzen zen gero, esku-ahurrak matrailari eusteko jarrita. Hamabi bat urte nituenean kontatu zidanez, behinola, haren amak sukaldera deitu omen zituen gure amona eta bere ahizpa, orduan bi neska motz. Eta inongo zeremoniarik gabe, ez hitzaurre eta ez itzulinguru, ondo ezik zegoela, nekeak gaina hartu ziola eta astebeteren buruan hilko zela iragarri zien. Zereginak banatu zizkien zorrotz, apaizari noiz mintzatu, nolako meza nahi zuen, zer jantzi eraman behar zuen soinean lurperatuko zutenean, eta antzekoak.

Egun bat gorabehera, esan bezala etorri zitzaion herioa. Gure geneetan ez da haren sen apartaren arrastorik ageri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.