Isurian doa dena, isurian goaz, garai likidoetan bizi gara: dena da tanta, dena iheskor; ez daukagu sustrai sakonik, ez aingura astunik. Horregatik, erraz egiten diegu itzuri garai bateko kateei, derrigortutako eginbeharrei bainoago bortxatutako izan beharrei. Ikasi baitugu askotarikoa dela gure nortasuna, eraikia —horra fetixe berria—, eta, beraz, aldagarria. Dena da aukera.
Baina ez gara uste bezain modernoak, eta zalantzaren nora ezeko balantzak asaba zaharren Nor gara? Nondik gatoz? Nora goaz? larrietara eramaten gaitu tarteka. Eta, erantzun bila, adibidez, benekotasun azokak antolatzen ditugu: baserritarrak, artisauak, ganadua, trikitilariak, taloak...
Eta, esate baterako, liluratuta begiratuko diogu txilarrarekin erratzak egiten ari den artisau zaharrari; are, arreta biziz entzungo dizkiogu azalpenak: baserriko ezkaratza garbitzeko ez dagoela halakorik, elurra kentzeko ere aproposa dela... Erosi egingo diogu bat, nahiz eta gure 60 metro koadroko bizileku hiritarrean ez dagoen txilar-erratzarekin garbitzeko moduko ezkaratzik, eta negurik gorrienean ere apenas biltzen den atariko espaloian hazbete elurrik.
Baina sustrai zatitxo bat daramagu etxera txanpon batzuen truke; egiazko nortasun puskatxo bat. Asper-asper eginda, laster botako dugu zaborretara.
Bira
Sustraiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu