Bira
Telebista
Telebistan ez dago emakume zaharrik edo begi okerrik. Akaso hanka okerren bat egongo da, baina ez aurkezleak zutik agertzen diren programetan. Ez dago emakume potolorik, ez baldin bada noizbehinkako kolaboratzaileren bat (badaezpada neuk esango dut, neu ere agertu naiz inoiz eta). Telebistan denetariko emakumeek lan egiten dute, baina pantailan agertzen diren gehienak ederrak dira; ez dago sudur luzerik edo belarri handirik. Gaitasuna dute dagokien lana egiteko, baina horretaz gainera, gehienak (denak ez esatearren) emakume ederrak dira. Telebistan agertzen diren gizonei erreparatuz gero, ezin dut nahita ere bista hainbeste alaitu: begi okerrak ikusten ditut, burusoilak, hanka okerrak, lodiak, sudur luzeak, belarri handiak... ez da nire obsesioa bakarrik. Galdetu egin dut, eta nire inguruan jende asko dago nirekin ados: telebistako gizonen artean denetik eta gustu guztietarako dago. Batera izan zein bestera izan, berdin ikusten ditut programak, baina galdera batek kentzen dit loa: halako begi oker, lodi edo belarri handia emakumea balitz, aurkezlea izango litzateke? Edertasun kanon konkretu bat betetzen ez duen neskari programa bat emango liokete? Erantzunak amorrua ematen dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu