Bira

Txertatzen

Onintza Enbeita
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hego haizearekin batera mukiak eta eztulak ekartzen dizkigu udazkenak. Tenperaturen gorabehera ero honetan, etxe guztietara sartzen da gripea. Zaharrak eta bronkioetako gaixotasunak dituztenak arrisku handia dutenez besteok baino gripe gogorragoak pasatzeko, txertoa jartzeko kanpaina egiten du Osakidetzak gurean. Ez digu esaten sintomaren bat badaukagu ohean gelditzeko, lasaitzeko, erritmoa jaisteko, ez. Badaezpada txertoa har dezagula da osasun agintarien aholkua. Eta ez dut nik esango txertoa txarra denik, baina gaixotasunei aurrea hartzeko beste bide batzuk ere izango dira. Kontua da enpresa farmazeutiko handiek saldu egin behar dutela eta guk gaixorik sentitu behar dugula horretarako. Txertoetan doan dirutzaz gain, kontrolik gabe kontsumitzen dira muki jarioa egun bakarrean kentzen duten pastillak edo sobreak, eta inor ez da egun batez ohean gelditzeko gai. Gure lanean ezinbestekoak bagina bezala joaten gara lanera sukar eta guzti, birusa etxean hil ordez, lantegian hedatuz. Iruditzen zait txertoa bera baino gehiago txertatzen digutela medikamentuak derrigorrezkoak diren sentsazioa, eta batzuek beherapenetara joaten garen moduan joaten direla beste batzuek medikuarenera eta farmaziara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.