Onintza Enbeita
Bira

Txikiak

2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Herri handietan bizi direnentzat herri txikiak asteburua pasatzeko leku ederrak dira. Bertan jaio ginenok, ostera, edozein gauza behar dugun aldiro, alboko herrira joan behar dugu autoan; baita gutun zertifikatuen bila ere postaria etorri denean ez bagara etxean egon. Trenbide pasaerak beste guztienak egin eta gero egiten dizkigute, farmazia egun batzuetan bakarrik irekitzen dute, medikuak ordutegi estua du, herri askotan ez dago eskolarik, ogia non erosi ez daukagu, eta, orain, BBK-k Bizkaiko herri txikietako bulegoak itxi nahi ditu. Hesiz inguratutako txaletak eraikitzea modan jarri zenetik hona, han etorri zitzaizkigu ez dakit zenbat bizilagun berri. Gehienek lo bakarrik egiten dute gure ondoan eraiki dituzten etxeetan, baina guk, lo baino gehiago egin nahi dugu herrian. Lagun bat etorri zen gure etxea ikustera, eta «hemen lo ondo egingo da, bada», esan zidan. Jakina! Eta lorik egin ezin dugunean hementxe egiten dugu larrutan, edo irakurri, edo telebista ikusi. Eta esna gaudenean, ze herrian esna ere ibil daiteke, gure umeek bertan olgetan egiten dute, bertan mozkortzen gara, bertan bizi gara eta beste guztien moduan zergak ordaintzen ditugu. Horregatik pentsatzen dut, maila apalagoan bada ere, beste guztiek dituzten zerbitzuak izatea merezi dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.