Bira
Txinatarrak
Egia da asko direla euren herrian eta asko mundu guztian. Eta normala izango da asko izatea Bilboko alkateak dioena egia bada. Txinatarrek dendetan jaten omen dute, bertan lo egin eta bartan larrutan ere. Gaztelania garbian, procrearhitza erabili du Azkunak. Domeketan dendak zabaltzeko aitzakia ezin hobea eman diote txinatarrek: gure dendariek espabilatu egin behar dute, txinatarrek igandeetan ireki egiten dute-eta. Ireki behar, aizue: jan, lan, larrutan… dena leku berean egiten badute, lantzean-lantzean haizeari sartzen utzi beharko diote lonjetara. Jatetxe txinatarren gaineko mitoak ere asko dira: katuak eta arratoiak prestatzen dituztela eta abar. Beti jan dut gustura jatetxe txinatarretan, eta ez dakit zer pentsatu: edo arratoiaren okela gustatu egiten zait, edo jendeak edozer esaten du. Baina orain inoiz baino gehiago estutu naiz gai honekin. Azkunak dio berak ez omen dakiela txinatarrak non hiltzen diren. Horrela esanda, minik egiteko intentzio barik esandako esaldia da, baina esandako guztiak kontuan hartuta, larria da agian esan nahi zuena. Azken batean, jan, lo eta beste guztia dendetan egiten badute, baina non hiltzen diren ez badakigu, zer esan nahi du Bilboko alkateak? Jatetxe txinatarretan txinatarren okela jaten dugula?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu