Jakin beharreko guztien berri zehatza izaten duen lagun ingeniariak eten zigun atzo bazkalondoko solas katramilatsua, 16:49ean. Ahots ozenez iragarri zigun une hartan, orduantxe, sartu ginela udazkenean, betiko joana dela 2012ko uda. Baietz guk, hala izango dela, sumatu genuela zantzurik: lagun hipokondriakoak, adibidez, hasia dela doministikuka eta hego haizeak burukomin galanta eragin diola jada. Lagun enplegu gabeak, berriz, parkeko plantanoak gero eta sarriago ari direla hostoak galtzen; kurrilorik ezetz, ez zaiola egokitu oraindik, baina, klaro, burumakur dabilela azkenaldian. Lagun teknofiloak, ostera, ikusi dituela onddo sorta ederrak eta morkotsa urratzen hasitako gaztainak, Facebookeko eta Twitterreko argazkietan.
Lagun soziologoak kontra egin zion, ordea. Astronomoek esango dutela nahi dutena, baina udazkena ez dela iritsi oraindik: han geunden guztiok udako arropaz geundela jantzita, gona eta praka laburrez, sandaliak eta txankletak oinetan, eta etxe zuloan sartu ezinik gabiltzala, udako bizimodua egiten dugula oraindik. Lagun filosofoakerantzun zion: udazkenetik aurrera ez garela bizitzen, egunerokoa eramateko hibernatzera murrizten garela, promestutako eta ezinezko uda betikoak amets.
Bira
Udazkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu